XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Seattle Estatu Batuetako hirian egin da joan den astean bilkura bat guziz inportanta.

Han behar zituzten finkatu mundu zabaleko salerospenen lege berriak.

OMC deitu batasunean diren 135 herrietako minixtroak han ziren beraz elgarretaratuak, gai hortaz mintzatzeko.

Eztabada frangoren ondotik, handik partitu dira akordiorik egin gabe.

Amerikanoak eta Europanoak ziren elgarren artean makur lur laneko mozkinak zirela kausa.

Amerikanoek nahi zuten ardietsi Europanoek uko egin zezaten aspaldiko usaia bati.

Diru laguntza bat ekartzen dakote alabainan lur lanari, hunen mozkinak aski merke saltzeko gisan kanporat.

Laguntza horien kentzerik ez dute aditu ere nahi europano laborariek.

Diote lur lanak ez duela bakarrik jatekoa fornitzen jendeari, jateko ona duela ere segurtatzen, bertzalde ingurumena duela begiratzen, herrian eremuen antolatzetan ere parte haundi bat hartzen, horiek oro ez direnak salerospenen kondutan sartzen.

Amerikanoek eta heiekin bat diren herriek nahi dute beraz denentzat lege berak izan diten bali, eta diru laguntzarik gabeak.

Heien sabeleko mina da, berentzat sobera dituzten mozkinak errexkiago sal ditzaten kanporat, bereziki Europako herri aberatseri, eta denbora berean berek sobera dituzten mozkin horietarik kanpotik ez diten sar merkeago direlakotz.

Nahi dute ere hazkuntzarentzat berek ezarri legeeri jarraiki, eta badituzte molde batzu ez direnak naturalak eta bereziki Frantsesek ez dituztenak onartzen.

Baziren Seattlen ainitz laborari harat bilduak molde horien laidostatzeko, manifestaldiak muntatu dituztenak salerospenetan ari diren multinazional elkarteen kontra, hek dituztela bazterrak makurtzen eta jendeeri jateko tzarra sakatzen.

Ipar Irlandako gobernu berriak bere lehen bilkura egin du joan den astean.

Egia erran protestant unionist extremisten ordezkariak bilkura hortarik kanpo egon dira.

Haatik horren gatik, arras goxoki eta laxoan egin da omen delako bilkura.

Blair ingles lehen minixtroak zion agian bortizkeriak ez duela gehiago bere esku dorpea agertuko, nahiz ez diren nekeak oro bururatuak Ipar Irlandan.

IRA-ko gudariek hautatu dute beren gizona hitzeman desarmamenduaren obratzeko.

Hemendik maiatza barne, arma guziak turnatuko dituzte IRA-koek.

Pentsa ditake haatik nahiagoko dituztela arma horiek berek suntsitu, turnatzeak baitu alabainan halako amor emaite bat.

Chastelain jeneralak zion gauza hori onar ditakela, so egile bat han den ber haren frogatzeko.

Kohl aleman lehen minixtroak xintximariak ikusten ditu egun hautan, begi luze batzu ohartu baitira, hura gobernuaren buru zelarik okerkeria batzu izan zirela, eta haueieri esker diru frango sartu zela girixtino demokrat alderdiaren kutxetan.

Behin ukatu eta, gero Kohl jaunak aitortu du egia zerbait bazela erran horietan.

Lege biltzarrak deputatu talde berezi bat izendatu du gauzen hurbiletik ikertzeko.

Lehen minixtroaren gain ezarria da beraz haren politiko alderdiak, hari esker, bildu zuela diru peza bat ederra enpresa batzuen ganik, bereziki saltzeko gerlako muntadurak Arabia Saouditarrari, edo Airbus airekoa Kanadiari eta Thailandari.

Ez du haatik nehork erraiten Kohl jauna bera aberastu dela tratu oker horietan.

Ben Barka zen marokano jaun bat, zindikalist fama haundikoa, guziz aipatu zutena bazterretan duela hogoi-ta hama lau urte.

Garbitu zuten alabainan jaun hori, itxura guzien arabera Hassan II-earen manuz, nehork ez baitu jakin nun eta nork zuen egin xuxen joko hori.

Haatik denek zioten Frantzian zela gertatu eta frantsesak zitazkela hiltzaleak.

Ben Barka-ren familiak behar izan zuen Marokatik ihes egin eta geroztik Frantzian bizi zen Ben Barkaren andrea bere haurrekin.

Berriz Marokarat itzuli dira egun hautan, Mohammed IInak baimena emanik.

Ongi etorri beroena egin dakote Ben Barkaren adixkideek, hunek moldatu politiko alderdia da alabainan orai gobernuaren buru Marokan.